Dantza akademia

Taldeko sortzaile Kandido Pujanak bere ardurapean zuen Donostiako Udaleko dantza akademia 1948. urtean GOIZALDI sortu zuenean. 1955. urtean Donostiako Udalak GOIZALDI Dantza Taldeari ematen dio akademia hori antolatzeko ardura. Honela dio Donostiako Udaleko Kultura Komisioak idatzitako eskutitzak.

Urte bereko azaroan, GOIZALDIk eta Ignacio Gordejuelak hitzarmena sinatzen dute. Bertan esaten denez, Gordejuela bera arduratuko zen akademiaren funtzionamenduaz. Urte luzeetan akademia hori izan da GOIZALDIren harrobia. Egun 25 gazte inguru ari dira dantza akademian ikasten, baina jadanik honek ez du Donostiako Udalaren babesa.