Euskal dantzarien biltzarra

Euskal Dantzarien Biltzarraren sorrera 50. hamarkadan ugaritu egin ziren Euskal Herri osoko taldeek prestatutako dantza ikuskizunetan dago. Normalean probintzia bakoitzetik dantza talde bat joaten zen. GOIZALDI izaten zen gehientan Gipuzkoako ordezkaria. Dindirri (Bizkaia), Oldarra (Iparraldea), Iruñeako Udala – Duguna (Nafarroa) …. izaten ziren beste taldeak. Dantza ikuskizun bateratu hauek, Zazpi Probintziak izenarekin ezagutuak, Iruñeko eta Donostiako zezen plazetan, Bilboko Euskalduna pilotalekuan … egiten ziren. Jaialdi mota horiek, gaur egun arte iraun dute.

60ko hamarkadara itzuliz, esan behar da taldeak, batez ere giro urbanoan, ugaritu egin zirela. Arestian aipaturiko hiri haundietako taldeen eredua jarraituz, talde asko sortu ziren Euskal Herri osoan. Alarde handien prestaketa dakar fenomeno horrek. Garai hartan sona handia zuten Oargi kultur elkarteak Deban antolatzen zituenak. Frankismoaren garai haietan, euskal kultura bultzatzea zuten helburu 2.000 dantzaritik gora biltzen zituzten agerraldi kolektibo horiek.

Aipatutako Zazpi Probintziak ikuskizunak eta Euskal Jai hauek Euskal Herri osoko taldeen arteko harreman estutzeko balio izan zuten. Harreman horietatik sortuko da Euskal Dantzarien Biltzarra (EDB) martxan jartzeko ideia. Hego Euskal Herrian legeztatzeko saio egin eta administrazio frankistaren ezetza jaso ostean, Iparraldean legeztatzea erabaki ezen 1965ean. Urte horretako martxoaren 11ko Frantziako Buletin Ofizialena ematen da legeztatzearen berri. Biarritzeko Agilera estadioan 2.000 dantzarik parte hartu zuten lehen Dantzari Egunea.

Egun horretan egindako bileran formalki osatu zen Euskal Dantzarien Biltzarra, eta Paul Legarre izendatu zuten lehendakari. Hegoaldeko lurraldean ordezkari Xabier Gereño idazle bizkaitarra izendatu zuten. Hegoaldean biltzarra sortzeko ahaleginak egitea adostu zuten bertan bildutakoek. Azkenean, 1969. urtean legeztatu zuten biltzarra Hegoaldean.

GOIZALDI taldeak aktiboki parte hartu zuen EDBren sorreran. Erlazio hestu horren lekuko dira taldeak emandako hainbat ikastaro, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herri osoan.