Lehen urratsak

1948.urteko otsailaren 2an, astelehena, abiatu eta Kandido Pujana maixuaren talde gisa eman zituen lehen urratsak, gerora GOIZALDI izenez bataiatuko zuten dantza taldeak. Lehen agerraldia Donostian egin zuen taldeak, 1948ko apirilaren 25ean.

Lehen aktuazioaren dantzariak hauexek izan ziren:Juan José Aranguren, Juan Mª. Montes, Antonio Ansola, Miguel Otegui, Antonio Fernandez Berridi, Juan Manuel Oronoz, Juan José Aramburu, José Luis Huesa, Pedro Mª. Martinez de Arbulo, José Ramón Torralba, Ignacio Gordejuela eta Jesús Mª. Martinez

Urtebete geroago, 1949. urtean, estrainekoz atzerrian dantzatu zuen Kandido Pujanaren talde berri honek. Paben (Frantzia) egin zuten atzerriko lehen agerraldia, Irungo Orfeón de los Buenos Amigos taldearekin, nekazal azoka batean.

1951. urtean, taldea sortu eta hiru urtera, taldeari izena jarri behar ziotela pentsatu zuten Kandido Pujanaren aginduetara dantzatzen zuten gazteek. José Ignacio Montes Astigarragak eginiko proposamena aukeratu egin zen, hau da, taldeari “GOIZALDI” izena ipintzea.

Urte hau, 1951, garrantzitsua izan zen GOIZALDI Dantza Taldearen etorkizunerako. Urte horretako urrian sortu zen nesken taldea. Gisa horretan taldeak indar berezia hartu zuen. Jendaurreko agerraldiak nabarmen ugaritzen dira data horretatik aurrera.

1953. urteko da GOIZALDIko Zuzendaritza Batzordeak egindako bilera bati erreferentzia egiten dion artxiboko lehen idazkia. Urte horretako maiatzaren 3an egindako bileraren aktak, Bilbon egin beharreko aktuazio bati erreferentzia eginez, taldea “LOS BALLETS VASCOS de SAN SEBASTIAN “GOIZALDI””, discípulos del Maestro Pujana” izenarekin aurkeztu behar ziola zioen.