Iztueta - Olano - Pujana

Goizaldiren historia 1824. urtean hasi zen nolabait...

Juan Ignacio Iztueta Etxeberria
Zaldibia 1767 - 1845

Iztueta folklorista aitzindaria izan zen, folklore hitza oraindik ere asmatu gabe zegoenean. 1824. urtean “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condairak” idatzi zuen.

Bertan 36 dantza biltzen ditu, dagozkien kondairak eta dantzatzeko erak deskribatuz. Europan dantzei buruz ezagutzen den lehenetariko liburua dugu. Bere liburua gipuzkoako dantzen erreferentzia bilakatu da dantzari guztientzako.

Gaztetatik dantza munduan murgilduta, Goierriko dantzak zabaltzeari ekin zion. Bere eskuetatik dantza talde ugari sortu ziren, herriz-herri dantzak irakasten ibiltzen bait zen. Dantzaria izateaz gain, idazlea ere izan zen. XIX. mendean gai profanoak euskeraz landu zituen lehen idazle laikotzat hartzen da.

Oso bizitza mugitua izan zuen Iztuetak. Hiru aldiz ezkonduta, 11 seme-alaba izan zituen, eta beste seme bat abandonatu egin zuen. Bere ideiengatik inkisizioak espetxeratua izan zen.

Logroñoko kartzelan zegoela bere bigarren emaztea Kontxesiri idatzitako poesia famatua egin zen.

Jose Antonio Olano Irastorza
Zaldibia 1821 - Ordizia 1882

1821. urteko ekainaren 29an Zaldibian jaioa, dantza txikitatik bizi izan zuen. Bere etxetik gertu Iztuetaren etxea zegoen. Iztuetak bere etxe aurrean dantza nola irakasten zuen ikusita, Olano gazteari berehala sartu zitzaion dantza zaletasuna. Iztuetaren ikaslea, honen heriotzaren ondoren (1845) Goierriko dantzak erakusteko ardura hartu zuen Olanok. Lehenengo Zaldibiako dantza taldearen buru bezela.

Garaiko dokumentuek esaten duten arabera, Olanok zuzendutako taldeak San Juan bezperan, Korpus egunean eta herriko Santa Fe festetan dantzatzen ohi zuen. Beranduago Ordizian ezagutzen den lehen dantza eskola eratu zuen. Garai hartan Olanoren taldea jadanik ezaguna zen Euskal Herri osoan.

Olanok dantzarekiko sentitzen zuen amodioaren eredu ugari daude. Historiak dioenez, 1856. urteko San Ferminetan dantzatzeko, Olanok bere dantzari taldearekin Aralar zehar oinez egin zuen bidea. Egunbetez ibili ondoren Iruñara iritsi eta ezer ez gertatu ez balitz bezela bere emanaldia eman zuen. 1882. urtean Zumarragako Santa Isabel festak zirela eta, Olano Santa María la Antigua ermitan Gizon Dantza dantzatzera gonbidatu zuten. Dantza bukatuta ez zen oso ondo sentitu eta bere etxean ohera sartu behar izan zuen. Bederatzi egun beranduago, uztailaren 11an hil egin zen Jose Antonio Olano.

Jose Lorenzo Pujana Bidegain
Ordizia 1868 - Donostia 1947

Jose Lorenzo Pujana bost urte zituela hasi zen Olanok Ordizian zuen dantza eskolara joaten. Gorpuzkeraz txikia izanik dantzarako trebezia handia agertzen zuen. Bere lehen agerraldia Olanoren taldearekin Santa Anako festetan izan zen. Zortzi urte zituela jadanik dantzari taldeko buruzagia zen.

Olanoren heriotzaren ondoren bere irakaskuntza lana jarraitu zuen Pujanak. Iztuetak bere garaian egin zuen bezela, hainbat dantza talde sortu zituen Jose Lorenzok. 70 urte eman zituen Olanotik ikasitako dantzak erakusten.

1927. urtean Donostiako Udalak eskatuta, Donostiara etorri zen Pujana. Bertan Donostia eta Gipuzkoako Dantza Eskolaren ardura hartu zuen. 20 urtez izan zen dantza maixua Donostian, 1947. urtean hil zen arte.

Kandido Pujana Telleria
Ordizia 1905 - Donostia 1985

GOIZALDI Dantza Taldeko sortzailea. 1947. urtean bere aita zena Jose Lorenzo Pujanaren heriotza ostean, Donostiako Udaletxeko Dantza Eskolaren arduraduna bihurtu zen. Urte bat beranduago GOIZALDI sortuko zuen. Bere aita bezela dantzari aparta izan zen.

Ezaguna da bere zorroztasuna dantzak irakasteko garaian. Dantzak ensaiatzeko orduan, bere eskuetan eramaten zuen makil batekin ematen zituen klaseak. Dantza agerraldietan ere beti taulatuaren gainean egoten zen, dantzariek egiten zuten edozein akats zuzentzeko.

Taldearen 25. urteurrena bete zenean merezitako omenaldia eskeini zion GOIZALDIk. Berari esker Iztuetak hasitako tradizioa GOIZALDIn du jarraipena. 1985. urtean, 80 urte zituela joan egin zitzaigun. Berak ereindutako hazia tinko dirau GOIZALDI taldean.